Eduki publikatzailea
Atzealdea Jostun taldearen eta Herri Eskolaren gonbidapena
2026·05·21

Ikaztegietako eskolak eta jostun taldeak herritarrak gonbidatzen dituzte amankomuneko proiektu bat egitera, Gabonetako Gantxillozko Zuhaitza.
Helburu nagusia ez da zuhaitza egitea, baizik eta ikaztegietarrok komunitate txiki eta anitza izanik, elkarrekin proiektu bat aurrera ateratzeko gauza garela erakustea. Beraz, egileen zerrendak luzea behar du izan: haurrak zein adinekoak, genero guztietakoak eta generorik ez daukatenak, ideia desberdinak dauzkagunak, jostun onak eta jostun ez direnak…
Parte hartzea 10x10 zentimetroko gantxillozko karratu bat egitean datza. Norberak nahi duen diseinuarekin eta koloreekin eta etxean duen edozein harirekin egin dezake. Jostunok baditugu nahiko patroi, errazak eta konplikatuagoak; eta ostegun arratsaldetan prest gaude laguntzeko. Udaletxeko kristalean ere jarriko dira patroi batzuk, argazkia atera eta nahi duenak etxean egiteko.
Egindako karratua 3 leku hauetan entregatu daiteke izen-abizenarekin batera: eskola, udala edo jostun taldeko kide bati emanez: Jare Alberdi, Malen Artola, Alazne Acedo, Amaia Ramiro, Bonavie Rendon, Glori Castaños, Jady Abba, Josu Prado, Pili Lazkano, Kakun Orbegozo. Ez dugu jakingo norena den karratu bakoitza, baina bai zeintzuk hartu dugun parte. Gaur hasi eta irailaren 11raino dugu epea. Hortik aurrera jostun taldearen lana izango da karratuak lotu eta zuhaitzari forma ematea.
Anima zaitez, herritarren amankomuneko proiektu hau egiteko behar zaitugu!!!!
Ikaztegietako Herri Eskola eta Jostun Taldea.