Eduki publikatzailea

Atzealdea Euriteen inguruko oharra

Ostiral gauean izan ziren euriteek kalte handiak eragin zituzten Ikaztegietan, eta larunbat goizean goizetik horiei aurre egiteko lanean ari gara udalean. Azpimarratu nahi dugu, kalte materialak handiak izan arren, ez dela kalte pertsonalik izan eta lehenengo momentutik ari zaiola erantzuten udala egoerari, larrialdi zerbitzuekin eta Aldundiarekin koordinatuta. Edonola ere, denbora asko eskatuko duten lanak daude egiteko. Egoera ikusita, pazientzia eta ardura eskatzen dizuegu: egin beharreko lanak egingo dira, baina urgentzia gehien duten horiek bideratzen hasi gara.

2025·06·19


Ostiral gauean izan ziren euriteek kalte handiak eragin zituzten Ikaztegietan, eta larunbat goizean goizetik horiei aurre egiteko lanean ari gara udalean. Azpimarratu nahi dugu, kalte materialak handiak izan arren, ez dela kalte pertsonalik izan eta lehenengo momentutik ari zaiola erantzuten udala egoerari, larrialdi zerbitzuekin eta Aldundiarekin koordinatuta.

Edonola ere, denbora asko eskatuko duten lanak daude egiteko. Egoera ikusita, pazientzia eta ardura eskatzen dizuegu: egin beharreko lanak egingo dira, baina urgentzia gehien duten horiek bideratzen hasi gara.

Zuhurtziaz jokatzeko garaia ere bada. Mendi bideak beharrezkoa ez den kasuetan ez erabiltzea gomendatzen dizuegu, luizi arriskuak hor jarraitzen duelako. Egoera estabilizatu bitartean, Larrunbera eta Txarako bordara doazen bideak baimenduek bakarrik erabili ahal izango dituzte: bertan bizi eta lan egiten dutenek. Gainerako herritarrentzat itxita egongo da bide hori.

Udalaren lehentasunezko lana izan da itxita geratu diren herri bideak irekitzea. Ia denak ireki dira, zailtasun tekniko handia duten horiek izan ezik: Larrunbetxiki baserrirako sarbidea eta Txarako bordako bidea. Hasita gaude egoera bideratzen, baina denbora eskatuko du.

Bide publikoez gain, jabetza pribatuetan ere kalteak izan dira.

  1. Etxe pribatuen kasuan, aseguru etxeekin jarri behar duzu harremanetan. Eman beharreko pausoak zehazten dituen dokumentua igo dugu udaleko webgunera (www.ikaztegieta.eus), eta udalean bertan ere eskatu dezakezu kopia bat.
  2. Enpresen kasuan, aseguru etxeei partea emateaz gain, Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziara bidali behar dira jasandako kalteen deskribapena eta aurrekontua.

Auzolanean konpontzeko moduko kalteak dituzula uste baduzu, jarri harremanetan zinegotziekin:

  • Goizez: 678 04 69 70
  • Arratsaldez: 675 00 86 01

Auzolanean egiteko moduko lanak badira, egingo dugu horretarako deialdia.

Egiten ari garen lanak orduz ordu berritzen doazenez ezin dugu buzoneoetan eguneraketa jarraia egin. Gogoratu “Ikaztegietatik” izeneko Telegram kanalean ere ematen ditugula udaleko oharrak, eta larrialdi egoera honen informazio eguneratua ere bertatik zabaltzen jarraituko dugula, egoki ikusten den kasuetan.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu asteburuan zehar ohiko lan-orduetatik kanpo lanean aritu zareten herritar boluntarioei, bi herri langileei, Andoni Dorronsoro herritarrari, larrialdi zerbitzuek deituta lanean aritu diren Belako eta Altuna y Uria eskabazio lanetako langileei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.