Eduki publikatzailea
2024·09·19
LAN BILA ZABILTZA? HONA AUKERA BAT, HERRIAN BERTAN LAN EGITEKO
Ikaztegietako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen die hainbat herritarrei. Momentu honetan zerbitzua enpresa baten bidez ematen da, eta lan-baldintzak ez dira nahiko genukeena bezain onak. Langileen lan-baldintzak eta zerbitzua bera hobetzeko helburuarekin, kooperatiba bat sortzea sustatu nahi dugu udaletik, eta kooperatiba horretan lan egingo duten langileen bila gabiltza.
ZEIN DA LAN HONEN HELBURUA? Dependentzia-egoeran edo gertuko sarea eusteko arazoak dituztenei laguntza fisikoa, psikologikoa eta soziala ematea da zerbitzu honen helburua, ahal den bitartean erabiltzaileak bere etxean eta herrian bizitzen jarraitu dezan.
ZER EGINGO NUKE LAN HORRETAN? Eguneroko garbiketa eta lanetan laguntzen zaio erabiltzaileari, hala nola, erosketak egiten, janaria prestatzen, arropa edota etxea garbitzen, beraien burua garbitzen, etxetik/ohetik jaikitzen laguntzen, paseatzera ateratzen, memoria tailerrera edo Tipi Tapara laguntzen… eta, noski, horrekin batera, konpainia egiten zaio eta, ahal den neurrian, bere beharretara egokitzen da zerbitzua.
ZE BALDINTZA BETE BEHARKO NITUZKE? Arreta soziosanitarioaren titulua izatea eta euskara ulertzeko eta hitz egiteko oinarrizko maila izatea beharrezkoa da. Gidabaimena izatea lagungarria da.
TITULAZIORIK EZ BADAUKAT, ZER EGIN DEZAKET?
- Arreta soziosanitarioaren titulua ateratzeko izen-ematea urriaren lehenengo astean irekiko da Inmakulada ikastetxean. Doainik da eta ikastetxean bertan galdetu dezakezu ordutegia: 943 67 36 29
- Euskara ikastaroetako izen-ematea irailaren 20ra arte zabalik dago. Udaletxean eman behar da izena (943 65 33 29) eta hau ere doakoa da. Dena den, lana hasterako oraindik euskara maila nahikorik izan ez arren egongo da aukera udalarekin adostasun batera heltzeko, eta lanean hastearekin batera euskara eskolak jasotzeko.
ZENBAT DENBORAKO LANA IZANGO DA? Bizitza guztirako lana izan daiteke, lan-baldintza duinetan eta herrian bertan egiteko modukoa.
Interesatuta bazaude edo zalantzaren bat argitu nahi baduzu, deitu edo idatzi udaletxera eta argituko dizkizugu: 943 65 33 29 ; udala@ikaztegieta.eus.