Eduki publikatzailea
Atzealdea Batzar irekia: urriak 21, 18:30.
2025·10·07

Gogoratuko duzuenez, 2025ean zehar kiroldegiaren zaharberritzeari buruzko parte-hartze prozesua egin dugu herrian. Bertan zehaztu zen nolakoa izan zitekeen kiroldegi berritua. Hau da, prozesuan parte hartu zenutenen beharrak eta iritziak kontuan hartu ondoren, horietako gehienak errespetatzen zituen plano batzuk marraztu zituzten Junturako dinamizatzaileek.
Plano horiek gauzatzeak izango lukeen gastuaren aurreikuspen bat egin dugu, eta erabaki batzuk hartzea tokatzen da orain: aurrera egingo ote dugun obra horrekin, osorik gauzatuko den edo lanak zatika egingo ditugun.
Horrekin lotuta, 2025 eta 2026 urteei begirako plan ekonomikoaren berri ere emango dugu. Alegia, gastu-arauari dagokionez udalaren gaur egungo egoera zein den azalduko dugu, 2025eko urtea bukatu bitartean egitea aurreikusten diren lanak komentatuko ditugu eta 2026ko aurrekontuei begira ditugun asmoen berri ere emango dugu. Beti bezala, herritarren proposamenak entzuteko eta, posible den neurrian, gauzatzeko gogoz izango gaituzue.
Udaleko batzar aretoan izango da batzarra.