Publicador de contenidos
Atrás Tailerra: zuritasuna landu, aliantza antirrazistak eraiki
04·11·2026

Herrian jatorri askotako emakumeak bizi gara, kolore askotakoak. Elkarlanean daramatzagu bi urte Emaginen eskutik modu ezberdinetan elkartuz, ezagutzen duzuen Zapiak taldearekin. Oraingo honetan, emakume zuriok elkartzeko, hausnartzeko eta elkarrekin ikasteko espazio bat sortu nahi dugu. Bi tailer eskainiko dira oraingoz, Emagin elkarteko Maider Avaristo adituak gidatuta. Aurrez izena eman beharko da, 688 635 775 zenbakira Whatsappez edo Telegramez idatzita edo 943 65 33 29 telefonora deituta. Tailerrak emakumeentzat dira, eta dohainik. Izena emateko azken eguna: azaroak 6.
EGUNA: Azaroak 19 eta abenduak 15
ORDUA: 17:30-19:30
LEKUA: Batzar aretoa
ZERTARA DATOZ TAILERRAK?
Ikaztegietan bizi gara, elkarrekin egiten dugu egunerokoa, eta herriaren bizitzan parte hartzen dugu. Denok herri berean bizi arren, ordea, ez ditugu aukera berdinak, ezta esperientzia berak ere. Zer ikusten dugu, eta zer geratzen zaigu ikusteke?
Zuritasunak abantailak ematen dizkigu askotan, ohartu ere egin gabe. Gizartean errotuta dagoen sistema baten parte gara, eta sistema horrek pertsonak desberdin tratatzen ditu azalaren kolorearen, jatorriaren edo arrazializazioaren arabera. Horri begiratu nahi diogu elkarrekin.
Gure pribilegio zuriak identifikatu, gure egunerokoan nola funtzionatzen duen ulertu eta bestelako harremanak eraikitzeko asmoz egingo dugu lanketa hau. Ikasteko, entzuteko, desikasteko eta erantzukizunak gure gain hartzeko elkartuko gara.
Bide honetan, gure zalantzek eta kontraesanek ere izango dute lekua. Garrantzitsua da, ordea, deseroso sentitzen garenean ere galderak egiten jarraitzea, gure burua zalantzan jartzea eta aldaketarako prest egotea.
Gure herria guztiontzako bizigarriagoa izan dadin, badugu zer egin. Eta elkarrekin egin dezakegu.
Zatoz gurekin zuritasuna lantzera, pribilegioak aztertzera eta benetako aliantza eraikitzera. Elkarrekin ikasi. Elkarrekin zalantzan jarri. Elkarrekin eraldatu.