Publicador de contenidos
Atrás Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera egunari buruzko bilera
03·03·2026

Badira urte batzuk Olentzero eta Mari Domingi Ikaztegietara etortzen direla abenduaren 24an. Oilakindegi aldetik iristen dira, eta herriko haurrei opariak banatzen dizkiete. Egun ederra izaten da Ikaztegietako txikienentzat, batez ere, baina antolaketa lan handia eskatzen du: Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egin behar zaie, lanean dabiltzan boluntario guztiak koordinatu, gaztainak prestatu, plaza apaindu, eszenatokia montatu, antortxak eraman…
Urteak dira antolaketa-lan horiek guztiak familia gutxi batzuek egiten dituztela, eta erreleboa emateko garaia iritsi da. Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera mantendu nahi bada, lanerako boluntarioak behar dira. Boluntariorik ez badago, berriz, bertan behera geratuko da.
Hori horrela, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera egunari buruz hitz egiteko bilera bat deitzen dugu martxoaren 24rako (asteartea), 17:00etan, udaletxeko batzar aretoan (1. pisua). Bilera horretan abenduaren 24ko egunari berari buelta bat emango zaio, eta jarraipena emateko egon litezkeen aukerak baloratuko dira.
Herritar guztiei irekitako bilera izango da, baina gonbidapen berezia egiten dizuegu eskola komunitateari; hau da, Ikaztegietako gurasoei, Guraso Taldeari, eta orokorrean herriko txikienen zaintzaile, lagun eta abarrei.