Publicador de contenidos
Atrás Kale hezitzaile berria
26·01·2026

Notizia gazi-gozo batekin gatoz: Julenek, Ikaztegietako kale hezitzaileak, Ikaztegietako lanpostua utzi du. Urtarrilaren 23an izan da bere azken lan-eguna. Notizia gazia dela esan dugu, hutsune handia utziko duelako gurean. Lan bikaina egin du, zerbitzua bera martxan jarri du zerotik, eta emaitza ederrak jaso ditugu dagoeneko. Baina gozoa ere bada berria, gizarte zerbitzuetan eta lan baldintza ezin hobeetan lanean jarraituko duelako, nahiz eta Ikaztegietan izan ez.
Bide batez, jakinarazi nahi dizuegu Julenen ordezkoa ere badaukagula dagoeneko: Ane izena du, Tolosaldean bizi da eta Julenen lekua hartuko du gaurtik aurrera.
Kale hezitzailearen zerbitzua martxan jarri zenean zabaldu genuen zerbitzuari buruzko oinarrizko informazioa, eta momentu aproposa iruditu zaigu orain birgogoratzea:
Zergatik kale hezitzailea? Herriko behar sozialen ikerketa egin zen 2024 hasieran, udalaren eskumena delako gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko 1.3. zerbitzua. Diagnostiko hori egiteko herriko eragileekin bildu ziren Kalexkako langileak, eta elkarrizketak egin zizkieten herrian ikusten zituzten beharren inguruan. Elkarrizketa horiez gain, beharrezko ikerketa lana eta behaketa ere egin zuten, noski. Diagnostikoak gizarte- eta hezkuntza-arloetan herrian ditugun behar batzuk jarri zituen agerian, eta horiei erantzuten hasteko bide bat da kale hezitzailearena. Ezingo ditu behar guztiak ase, baina lehenengo pauso bat da beharrezko esku-hartze eta prebentzio lanak egiteko.
Zer egingo du? Kale hezitzaileak kale-behaketa egingo du, herriko haur, gazte eta nerabeekin izango du harremana batez ere, baita haien guraso, irakasle edo erreferentziazko helduekin ere. Dakizuenez, azken hilabeteetan bazterkeria arriskuan daudenentzako etxebizitzak martxan jartzen eta bertako erabiltzaileekin egin da lan Ikaztegietan, eta horretan funtsezkoa izan da kale hezitzailearen lana, eta hala izaten jarraituko du. Besteak beste, eskolarekin eta udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuko da, eta egoki ikusten dituzten prebentzio-lanak eta esku-hartzeak egingo ditu, beti ere, autonomia, gizarteratzea eta bizikidetza bilatzeko helburuarekin.
Martxan jarri berri den zerbitzua da kale hezitzailearena. Hilabete gutxi batzuk baino ez daramatza, eta dagoeneko emaitza oso esanguratsuak izan ditugu gurean. Langilea aldatuta ere, hala izaten jarraitzeko ahalegin guztia egingo dugu. Julen bezalaxe, Ane ere lan honetarako formatuta dagoen profesionala da eta konfiantza osoz hartu dugu gurean. Zuek ere hala egiteko eskatu nahi dizuegu. Mila esker!