Publicador de contenidos
Atrás Kale hezitzaile berria
Azaroaren 4tik hasita kale hezitzailea izango dugu Ikaztegietan. Julen izena du eta Ikaztegietan zehar ikusiko duzue: udaletxean, parkean, eskolan… Kalexka elkarteko langilea da, eta udalak kontratatu du.
08·11·2024
Azaroaren 4tik hasita kale hezitzailea izango dugu Ikaztegietan. Julen izena du eta Ikaztegietan zehar ikusiko duzue: udaletxean, parkean, eskolan… Kalexka elkarteko langilea da, eta udalak kontratatu du.
Zergatik kale hezitzailea? Herriko behar sozialen ikerketa egin zen urte hasieran, udalaren eskumena delako gizarte-eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko 1.3. zerbitzua. Diagnostiko hori egiteko herriko eragileekin bildu ziren Kalexkako langileak, eta elkarrizketak egin zizkieten herrian ikusten zituzten beharren inguruan. Elkarrizketa horiez gain, beharrezko ikerketa lana eta behaketa ere egin zuten, noski. Diagnostikoak gizarte- eta hezkuntza-arloetan herrian ditugun behar batzuk jarri zituen agerian, eta horiei erantzuten hasteko bide bat da kale hezitzailearena. Ezingo ditu behar guztiak ase, baina lehenengo pauso bat da beharrezko esku-hartze eta prebentzio lanak egiteko.
Zer egingo du? Kale hezitzaileak kale-behaketa egingo du, herriko haur, gazte eta nerabeekin izango du harremana batez ere, baita haien guraso, irakasle edo erreferentziazko helduekin ere. Eskolarekin eta udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuko da, eta egoki ikusten dituzten prebentzio-lanak eta esku-hartzeak egingo ditu, beti ere, autonomia, gizarteratzea eta bizikidetza bilatzeko helburuarekin.
Orain arte ez da kale hezitzailerik egon Ikaztegietan, eta erronka izango da denontzat; ez soilik zerbitzu berri bat martxan jartzeak eskatzen duen lanagatik, baizik eta elkarrengan konfiantza izatea ere eskatuko digulako. Guk hala hartu dugu Julen, lan honetarako formatuta dagoen profesionala da eta konfiantza osoz hartu dugu gurean. Zuek ere hala egiteko eskatu nahi dizuegu. Mila esker!