Publicador de contenidos

Atrás AZAROAREN 4AN, DENOK BILBORA! Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat

Urriaren 17ko udalbatzan aho batez onartu genuen Ikaztegietako EH Bilduk eta EAJk Auzitegi Nazionaleko erabakiaren aurkako adierazpen instituzionala. Horrekin esan nahi dizueguna da kezkaz eta larritasunez hartzen dugula epaia bi alderdiok, bereziki eragiten digulako udalerri euskaldunoi. Horregatik, azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitu duen manifestaziora joateko dei egiten dizuegu herritar guztiei, oldarraldi judizialaren aurrean euskararekin bat egin dezagun.

23·10·2023


Ikaztegietako EHBildu eta EAJ alderdien izenean idazten dizuegu, udal gobernuak eta oposizioak bat eginda:

Lehengo astean jakin genuen euskararen aurkako beste eraso bat jaso dugula epaitegietatik: Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Vox alderdiaren helegite bat onartuta. Epaia oso larritzat hartzen dugu udalean, euskararen normalizazioaren kontra egiten duelako, eta hori salatzeko UEMAk eta Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako elkarretaratzeetan egon gara Ikaztegietako EHBilduko ordezkariak, uztailean hasi eta pasa den larunbat hontara arte.

Horrekin batera, Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkarteak eta UEMAk egindako adierazpenekin bat egin dugu, eta urriaren 17ko udalbatzan aho batez onartu genuen Ikaztegietako EH Bilduk eta EAJk Auzitegi Nazionaleko erabakiaren aurkako adierazpen instituzionala. Horrekin esan nahi dizueguna da kezkaz eta larritasunez hartzen dugula epaia bi alderdiok, bereziki eragiten digulako udalerri euskaldunoi.

Horregatik, azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitu duen manifestaziora joateko dei egiten dizuegu herritar guztiei, oldarraldi judizialaren aurrean euskararekin bat egin dezagun.

Joan-etorrirako autobusak antolatzen ari da Galtzaundi elkartea, eta Ostatu tabernan daukazue izena emateko zerrenda. 10€ balio du autobus zerbitzuak pertsonako, baina arazoak izango bazenitu hori ordaintzeko, jarri gurekin harremanetan (688 63 57 75) eta emango diogu konponbide bat.  Azaroak 1 da autobusean izena emateko azken eguna.