Publicador de contenidos
Atrás Auzolanean gure herria eraikiz
13·03·2025
Herrian oinez ibiltzeko aukera zabaltzeko asmoz, oinezko bide bat garbitzeko asmoa dugu. Zehazki, Iturriotz baserritik Kutturruko atsedenlekura doan bidea garbituko dugu, denboraren poderioz landareek bidea itxi baitute. Horrela, eta orain urte batzuk bezala, oinez ibiltzeko bidea egokitu eta herritik Kutturrura bide zirkular bat ahalbidetuko dugu.
Herritarrengandik jasotako ekarpen bat izanik, lan hauek egiteko auzolan bat egitea iruditu zaigu biderik onena. Auzolan batek herriari eta herritarrei onura asko sortzen dizkiola uste baitugu. Honen inguruan, AUZOLANGILTZA proiektua sortu zuen Tolomendik HUHEZI eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean; eta honen ondotik, izen bereko dokumentala kaleratu zuten Iker Iriarte eta Pablo Dendaluzek. Dokumental hau ikusteko aukera izango dugu herrian Iker Iriarte alegiarraren eskutik, ondoren egingo dugun auzolanerako sarrera bikaina izango delarik.
- AUZOLANGILTZA dokumentala martxoaren 27an ikusi ahal izango dugu, 18:30etan udaleko erabilera anitzeko aretoan.
- AUZOLANA martxoaren 29an izango da, goizeko 9:00etan Iturriotz baserrian.
Auzolana egingo den egunerako materiala eta partaideentzako asegurua udalaren esku egongo da, baita ondoren egingo dugun mokadutxoa ere.
Antolaketa errazteko, izen-emate bat irekiko dugu; gaurtik hasita martxoaren 18ra bitartean. Udalean (8:00 - 14:30) edo 675008601 zenbakira whatsapp bat bidalita izango duzue izena emateko aukera.
Bertan ikusiko garelakoan.