Eduki publikatzailea

Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

2021·12·23

Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

Egunetik egunera egoera aldatzen zaigun une honetan Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ahalik eta modu egokienean antolatzen ahalegindu gara. Uste dugu arduraz jokatzea dagokigula eta jende askoren elkarketak ekiditea. Hori dela eta, azkenik, Guraso elkartearekin batera opariak plazan ez banatzea erabaki da. Olentzero eta Mari Domingi etxe-atarietara gerturatuko dira. 18:00etan abiatuko dira Oilakendegi baserritik traktorean, eta izena eman duten haurren etxeetatik pasako dira opariak banatzera. Ibilbidea honakoa izango da: -Orendain bidetik jaitsiko dira eta ondoren San Lorentzo 65etik hasi (Ostatu atzeko aldea) eta Aiutura joango dira. -Hortik errepidera atera eta kiroldegira joango dira. -Ondoren Zigor eta Egun Sentira joango dira. Zigor etxean bizi diren familiak etxearen aurrealdera jaitsi beharko dute traktorearekin gora igotzeko zailtasunak ekiditeko. -Berriro ere errepidera atera eta zubitik barrena Errotagainera joango dira. -Handik Apaiz etxea pasa eta Elizaldera joango dira. -Ondoren Goisorora. -Handik Bion Ametsa etxera. Bion Ametsatik bueltan berriro ere Orendain bidetik Oilakandegira igoko dira.

Hondakin bilketan aldaketak

2021·12·23

Hondakin bilketan aldaketak

2014ko urte hasieran atez ateko sistema jarri zenetik, Alegiarekin batera eskualdeko bilketa daturik onenak izan ditugu. Ikaztegietarroi ingurugiroaren alde egin dugun lanagatik zoriontzea dagokigu, eta eredugarriak izan gara Tolosaldeako Mankomunitateko datuetan. Garbi geratu da, bilketa honekin, ikaztegietarrok, birziklatze ohitura onak hartu ditugula, eta hemendik aurrera ere gure erronka horri eustea izango da. Behin bereizketa ohitura onak hartuta, ordea, ikusi dugu momentua izan daitekeela aldaketa txikiekin ekonomikoki hondakinen bilketa sistemaren gastua txikitzen hasteko. Hori horrela, atzoko ohiko batzarrean, hondakinen bilketa sisteman aldaketa egitea adostu zen. Zehazki bilketa mistoa deritzona ezartzea adostu da, hau da, organikoa eta errefusa gaur egungo sisteman mantenduko lirateke (atez ate), eta ontzi arinak eta papera karga lateraleko edukiontzietan bilduko lirateke. Azken frakzio hauek biltzeko, herrian, karga lateraleko edukiontziak jarriko dira. Atzoko erabakiaren berri eman zaio Tolosaldeako Mankomunitateari, eta honela aldaketa prozesuari hasiera eman zaio. Aldaketa epe laburrean egitea aurreikusten da, hala ere, lasai egon, garaia iritsitakoan, bilerak egingo dira eta zuzeneko informazioa jasoko duzue. Bestalde, urtero moduan, egun seinalatu hauetan hondakinen bilketan aldaketak izango dira. Abenduaren 24ean eta 31n ez da hondakinen bilketarik egingo Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, bi frakzio jasoko dira: organikoa eta errefusa.   Pasa Eguberri onak, eta laster izango gara gai honekiko berriekin!

Txikizioak gimnasioan

2021·12·23

Txikizioak gimnasioan

Jakinarazi nahi dizuegu azken hilabete hauetan gimnasioan hainbat txikizio izan direla. Hain zuzen ere, Pilateseko 10 baloi inguru agertu dira lehertuta eta ebakita. Hori gutxi balitz, azken astean gimnasioa eta udal langileen biltegia banatzen dituen atea ere izorratu dute, objektu pisutsu batekin kolpatuta. Zantzu guztien arabera, honen guztiaren egilea gimnasioko giltza eskura duen erabiltzaile bat izan da, sarrerako atea inoiz ez baitute behartu. Udaletik adierazi nahi dugu lotsagarriak iruditzen zaizkigula denona den espazio horren kontrako erasoak. Honek horrela jarraitzen badu, neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu

Gabonetako saskien zenbakiak

2021·12·23

Gabonetako saskien zenbakiak

Udalak herritarren artean Errigorako lau saski banatuko ditu. Zozketa abenduaren 23an egin da Udaletxean eta zenbaki sarituak honako hauek izan dira: 63 (ordezko zenbakia: 91) , 67 (ordezko zenbakia: 132), 194 (ordezko zenbakia: 115) eta 183 (ordezko zenbakia: 38). Zenbaki saritua duten herritarrak Udaletxetik pasatu beharko dira saskiaren bila. 15 egun pasa ondoren saskien bila pasatu ez badira, ordezko zenbakiak hartuko dira kontutan.

Euskararen Nazioarteko Eguna

2021·11·23

Euskararen Nazioarteko Eguna

 ABENDUAK 3 "Euskara Tolosaldean: kartografia bat” hitzaldia 18:00tan erabilera anitzeko aretoan. Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik. “Geldialdia: ezagutza gora, baina erabilera trabatua. Atzerakada: arnasguneen galera nabarmena. Euskararekin lotutako adierazleek kezka sortu dute azken urteetan, batez ere eremu euskaldunean. Zer gertatzen ari da? Azken hamarkaetan eskualde euskaldun batean izandako bilakaeraren analisia egin nahi du lan honek, informazio estatistikoa ustiatu: Tolosaldea hartu da aztergai, eskualdeko 28 herriak, eta aldagai soziolinguistikoa eta bestelakoak gurutzatu dira, joera eta horren oinarriak zein diren jakiteko. Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetako da Tolosaldea, baina ñabardura haundiak daude herri batzuetatik besteetara. Urteotako aldaketa soziolinguistikoei buruzko iritziak eta ikuspegiak datuekin kontrastatzea, helburu horixe du aztergai honek.” *Jarraian mokadutxo bat hartuz gaiaz hitz egiteko aukera egongo da.

Bigarren eskuko Azoka bertan behera

2021·11·23

Bigarren eskuko Azoka bertan behera

Igandea azaroak 28, herrian egitekoa zen I. Bigarren Eskuko Azoka bertan behera geratzen da. Arrazoi nagusien artean postua jartzeko izena eman duen herritar kopurua dago, baina lasai egon beste egun batean azoka aurrera eramateko beste ahalegin bat egingo dugu. Beraz ez bota etxean dituzuen gauzak eta oraindik ez baduzu egin, hasi begira zer ez duzun erabiltzen eta animatu hurrengo azokan parte hartzen.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna

2021·11·23

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna

AZAROAK 25 - Elkarretaratze zaratatsua, 18:30ean zubian. Ekarri zure ontziak zarata ateratzeko!

Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria

2021·11·23

Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria

KATALOGOA.EUS web-orriak 8.000 produkturen erreferentziak jasotzen ditu. Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok. Aurtengoa 23. edizioa da. Bai web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta jasotzen dituzten produktuak bi atal nagusitan erakusten dituzte: atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua, eta bestea 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua.

Ikaztegietan kontsumoa eztabaidan

2021·11·11

Ikaztegietan kontsumoa eztabaidan

Ikaztegietako I.Bigarren Eskuko Azoka – AZAROAK 28 8:00-9:00: Produktuak eramateko ordua 9:00-10:00: Antolaketa 10:00: Azokaren irikiera 13:00: Itxiera

XXX. Ikaztegitako Herri Krosa

2021·11·11

XXX. Ikaztegitako Herri Krosa

Herrigintza kirol elkarteak antolatuta, XXX. Ikaztegietako herri krosa ospatuko da azaroaren 21, igandean. Urtero moduan bi ibilbide izango dira: - 10:45etan herriko haurren kros txikia, rotondatik rotondara. Ez da lehiaketa izango. - 11:00etan helduena, 10 km-ko ibilibidea, zirkuitu zirkularra, hiru bira zirkuitu berdinari. 18 urtetik aurrerakoentzat. Ondoren hamaiketakoa izango da. Izen ematea www.herrikrosa.eus webgunean, karrera hasi baina ordu bete lehenago arte egongo da aukera. Ez da izen emate presentzialik egingo. HERRI BARNEA ITXITA EGONGO DA 10:45–12:00 ORDUTEGIAN BERAZ, DENBORA TARTE HORRETAN HERRITIK ATERA EDO SARTU BEHAR DUENAK KONTUTAN IZAN DEZALA.

Jolas eremu naturalak

2021·11·05

Jolas eremu naturalak

Ikaztegietan jolas eremu natural berriak sortzeko lanean gabiltza eta erabiltzaile izango zaretenen (ume zein heldu) laguntza behar dugu proiektuari azken ukituak emateko. Horregatik, datorren astean, azaroak 9an, 16:15-tan udaletxeko erabilera anitzeko gelan egingo den aurkezpen bilerara gonbidatzen zaituztegu. Parte-hartzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu, zuen iritziak eta ekarpenak kontuan hartuko baitira jolastokiei azken forma ematerako orduan. Animatu eta etorri aurkezpenera!

Oinarrizko lehen laguntza ikastaroa

2021·11·05

Oinarrizko lehen laguntza ikastaroa

·Eguna: Azaroak 12 ·Ordua: 18:30etan ·Non: Erabilera anitzeko aretoan. ·Hitzlaria: Maider Gonzalez herritarra, Gurutze Gorriako kidea.