Publicador de contenidos

Entrenamendu funtzionala Ikaztegietan

18·02·2022

Entrenamendu funtzionala Ikaztegietan

Ohar honen bidez, jakinarazi nahi dizuegu martxotik ekainera entrenamendu funtzional saioak eskaintzen hasteko asmoa dugula Ikaztegietan. Entrenamendu funtzionala giza gorputzaren mugimendu naturaletara egokitzen diren ariketak egitean datza, muskuluak eta artikulazioak globalki landuz. Astean bi saio izango dira gimnasioan, astearteetan 10:30etatik 12:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 10:30etara, kostua apuntatzen den pertsona kopuruaren arabera izango da. Izena eman nahi duenak udaletxean bertan edo 943 65 33 29 telefonora deituta eman dezake.

LURTAROren aukezpena

14·02·2022

LURTAROren aukezpena

Otsailaren 18an izango da, arratsaldeko 18:30etan, Udaletxeko balio anitzeko gelan. Gaia: Tolosalderako kontsumo eta ekoizpen kolektiborako proposamena.

Errigorako saskiak

27·01·2022

Errigorako saskiak

Urteroko ohiturari jarraituz 4 Errigorako saski zozketatu genituen 2021eko abenduaren 23an. Horietako bat, bi hamabostaldi pasa ostean jaso gabe geratu da, beraz, berriz egin da saski hori banatzeko zozketa. Oraingo honetan zenbaki bakoitzak aste beteko epea izango du saskia jasotzeko, lehen zenbakiaren epealdia pasatakoan hurrengoak izango du aukera eta honela zenbaki saritua agertu arte. Zenbaki saridun berriak eta epeak honakoak dira: 169 zenbakia, urtarrilak 31tik otsailak 4ra. 103 zenbakia, otsailak 7tik otsailak 11ra. 001 zenbakia, otsailak 14tik otsailak 18ra. 051 zenbakia, otsailak 21etik otsailak 25era.

Sahararako janari bilketa

27·01·2022

Sahararako janari bilketa

Tolosaldea Sahararekin, 2000. urtean sortu zen saharar herriari laguntzeko asmoz eta urtero moduan janari bilketa egingo dute aurten ere. Arroza, azukrea, lekaleak, pasta, atuna eta sardiña oliotan, olioa, pardelak, konpresak eta eskola materiala bilduko dituzte urtero bezala. BILKETA UDALETXEAN EGINGO DA OTSAILAREN 4A BITARTE

Irakurle taldea

27·01·2022

Irakurle taldea

Udara aurretik hiru saio izango dira: otsailaren 15ean, apirilaren 12an eta ekainaren 14an.

Yoga saioak

27·01·2022

Yoga saioak

Dakizuen bezela, irailetik ari gara eskaintzen Yoga saioak herrian. Bi talde ditugu eta honako hauek dira ordutegiak: astearte goizetan 9:30etatik 11:00etara eta ostegun arratsaldeetan 17:00etatik 18:30etara. Nahiz eta ikasturtea dagoeneko martxan egon, izen ematea oraindik zabalik dagoela jakinarazi nahi dizuegu. Beraz, norbaitek nahiko balu, udaletxera bertaratuta edo telefonoz deituta eman dezake izena.

Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

23·12·2021

Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

Egunetik egunera egoera aldatzen zaigun une honetan Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ahalik eta modu egokienean antolatzen ahalegindu gara. Uste dugu arduraz jokatzea dagokigula eta jende askoren elkarketak ekiditea. Hori dela eta, azkenik, Guraso elkartearekin batera opariak plazan ez banatzea erabaki da. Olentzero eta Mari Domingi etxe-atarietara gerturatuko dira. 18:00etan abiatuko dira Oilakendegi baserritik traktorean, eta izena eman duten haurren etxeetatik pasako dira opariak banatzera. Ibilbidea honakoa izango da: -Orendain bidetik jaitsiko dira eta ondoren San Lorentzo 65etik hasi (Ostatu atzeko aldea) eta Aiutura joango dira. -Hortik errepidera atera eta kiroldegira joango dira. -Ondoren Zigor eta Egun Sentira joango dira. Zigor etxean bizi diren familiak etxearen aurrealdera jaitsi beharko dute traktorearekin gora igotzeko zailtasunak ekiditeko. -Berriro ere errepidera atera eta zubitik barrena Errotagainera joango dira. -Handik Apaiz etxea pasa eta Elizaldera joango dira. -Ondoren Goisorora. -Handik Bion Ametsa etxera. Bion Ametsatik bueltan berriro ere Orendain bidetik Oilakandegira igoko dira.

Hondakin bilketan aldaketak

23·12·2021

Hondakin bilketan aldaketak

2014ko urte hasieran atez ateko sistema jarri zenetik, Alegiarekin batera eskualdeko bilketa daturik onenak izan ditugu. Ikaztegietarroi ingurugiroaren alde egin dugun lanagatik zoriontzea dagokigu, eta eredugarriak izan gara Tolosaldeako Mankomunitateko datuetan. Garbi geratu da, bilketa honekin, ikaztegietarrok, birziklatze ohitura onak hartu ditugula, eta hemendik aurrera ere gure erronka horri eustea izango da. Behin bereizketa ohitura onak hartuta, ordea, ikusi dugu momentua izan daitekeela aldaketa txikiekin ekonomikoki hondakinen bilketa sistemaren gastua txikitzen hasteko. Hori horrela, atzoko ohiko batzarrean, hondakinen bilketa sisteman aldaketa egitea adostu zen. Zehazki bilketa mistoa deritzona ezartzea adostu da, hau da, organikoa eta errefusa gaur egungo sisteman mantenduko lirateke (atez ate), eta ontzi arinak eta papera karga lateraleko edukiontzietan bilduko lirateke. Azken frakzio hauek biltzeko, herrian, karga lateraleko edukiontziak jarriko dira. Atzoko erabakiaren berri eman zaio Tolosaldeako Mankomunitateari, eta honela aldaketa prozesuari hasiera eman zaio. Aldaketa epe laburrean egitea aurreikusten da, hala ere, lasai egon, garaia iritsitakoan, bilerak egingo dira eta zuzeneko informazioa jasoko duzue. Bestalde, urtero moduan, egun seinalatu hauetan hondakinen bilketan aldaketak izango dira. Abenduaren 24ean eta 31n ez da hondakinen bilketarik egingo Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, bi frakzio jasoko dira: organikoa eta errefusa.   Pasa Eguberri onak, eta laster izango gara gai honekiko berriekin!

Txikizioak gimnasioan

23·12·2021

Txikizioak gimnasioan

Jakinarazi nahi dizuegu azken hilabete hauetan gimnasioan hainbat txikizio izan direla. Hain zuzen ere, Pilateseko 10 baloi inguru agertu dira lehertuta eta ebakita. Hori gutxi balitz, azken astean gimnasioa eta udal langileen biltegia banatzen dituen atea ere izorratu dute, objektu pisutsu batekin kolpatuta. Zantzu guztien arabera, honen guztiaren egilea gimnasioko giltza eskura duen erabiltzaile bat izan da, sarrerako atea inoiz ez baitute behartu. Udaletik adierazi nahi dugu lotsagarriak iruditzen zaizkigula denona den espazio horren kontrako erasoak. Honek horrela jarraitzen badu, neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu

Gabonetako saskien zenbakiak

23·12·2021

Gabonetako saskien zenbakiak

Udalak herritarren artean Errigorako lau saski banatuko ditu. Zozketa abenduaren 23an egin da Udaletxean eta zenbaki sarituak honako hauek izan dira: 63 (ordezko zenbakia: 91) , 67 (ordezko zenbakia: 132), 194 (ordezko zenbakia: 115) eta 183 (ordezko zenbakia: 38). Zenbaki saritua duten herritarrak Udaletxetik pasatu beharko dira saskiaren bila. 15 egun pasa ondoren saskien bila pasatu ez badira, ordezko zenbakiak hartuko dira kontutan.

Euskararen Nazioarteko Eguna

23·11·2021

Euskararen Nazioarteko Eguna

 ABENDUAK 3 "Euskara Tolosaldean: kartografia bat” hitzaldia 18:00tan erabilera anitzeko aretoan. Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik. “Geldialdia: ezagutza gora, baina erabilera trabatua. Atzerakada: arnasguneen galera nabarmena. Euskararekin lotutako adierazleek kezka sortu dute azken urteetan, batez ere eremu euskaldunean. Zer gertatzen ari da? Azken hamarkaetan eskualde euskaldun batean izandako bilakaeraren analisia egin nahi du lan honek, informazio estatistikoa ustiatu: Tolosaldea hartu da aztergai, eskualdeko 28 herriak, eta aldagai soziolinguistikoa eta bestelakoak gurutzatu dira, joera eta horren oinarriak zein diren jakiteko. Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetako da Tolosaldea, baina ñabardura haundiak daude herri batzuetatik besteetara. Urteotako aldaketa soziolinguistikoei buruzko iritziak eta ikuspegiak datuekin kontrastatzea, helburu horixe du aztergai honek.” *Jarraian mokadutxo bat hartuz gaiaz hitz egiteko aukera egongo da.

Bigarren eskuko Azoka bertan behera

23·11·2021

Bigarren eskuko Azoka bertan behera

Igandea azaroak 28, herrian egitekoa zen I. Bigarren Eskuko Azoka bertan behera geratzen da. Arrazoi nagusien artean postua jartzeko izena eman duen herritar kopurua dago, baina lasai egon beste egun batean azoka aurrera eramateko beste ahalegin bat egingo dugu. Beraz ez bota etxean dituzuen gauzak eta oraindik ez baduzu egin, hasi begira zer ez duzun erabiltzen eta animatu hurrengo azokan parte hartzen.